Izenik gabeko lurrak. Urt Zubiaurre

Page 1

Izenik gabeko lurrak Urt Zubiaurre Otamendi

Kontatzen denez, izan zen garai bat, non bideak oraindik ez zeuden eginak eta jendea mugitzen zen lurretik txoriei begira. Bazekiten txoriek ere ez dutela neguan hotza maite, eta haiei segika, epelagoak ziren lekuak ezagutuko zituztela. Txoriak ez ziren horregatik estutzen. Askotan geratzen ziren itxoiten pago eta haritzetan, atzetik zituzten haiek galdu ez zitzaten. Honek nolabaiteko erlazioa sortu zuen zerukoen eta lurrekoen artean. (31. or.)

Hernaniko Udal Liburutegia 2018 urtarrila


Urt Zubiaurre Otamendi (Andoain, 1979) Donostian filosofia ikasi zuen eta Gasteizen historia. Aukera onak egin zituela uste du, egunetik egunera gehiago gustatzen baitzaizkio bata eta bestea. Bi esparru horiez aparte, literatur eta mendi zaletasunak jaso zituen gurasoen eskutik, eta lagunartean jorratzen ditu ahal bezain beste. Hainbat ipuin lehiaketa irabazi ditu, eta begien aurrean duzun hauxe da bere lehen ipuin bilduma. Gaur egun, itzultzaile lanetan dihardu.

Izenik gabeko lurrak Erein, 2016 Izenik gabeko lurrek, lepoek, basoek eta hiriek badute izenik. Mendiko mapetan agertzen dira izenok, historia liburuetan, baita errealitatearen eta fantasiaren arteko eremu lausoan ere. Beraz, irakurle, lasai ekin diezaiokezu lurralde horietara doan kaminoari, bidean barrena hainbat gizaki, otso eta bele igaro baita dagoeneko. Aitzindariak, heretikoak, soldaduak, igarleak eta espioiak dabiltza hara eta hona. Denak izango dituzu lagun geografia berezi hauetan. Eurek erakutsiko dizute, besteak beste, urrearen bailaran eta desertu gorrian amaitzen den bidea. Baina ez iezaiezu galdetu nola egin behar den atzera itzultzeko. Begietan antzematen baitzaie jakin nahi ez zenuen egia, alajaina, buelta hartzeko unean bertan lainotzen direla lekuen izenak.


Kritikak1 Difuminazioak Ibon Egaùa (‌) Ipuinaren ikuspegi propioa dakar berarekin Zubiaurreren lehen obrak, euskarazko narraziogintzan hain ibiliak ez diren bideetan barneratu baita kontakizun hauekin. Agerikoenetik hasita, garai historiko eta leku desberdinetan kokatuak dira ipuinak: XIX. mendeko Londres, XVIII. mendeko Hannover, II. Mundu Gerra osteko Alemania, baina baita Otzaurte edo Baztan, edo gaur eguneko edozein eskolatako patioa ere. Ezinbestean, garai historikoak bezala, ipuinen kezka eta gai nagusiak ere desberdinak dira: adiskidetasuna, denboraren joana, heriotza, fedea edo errua, eman dezagun. Aniztasun horren hondoan badira, baina, hainbat ezaugarri ipuinon atzean egile bera dagoela aditzera ematen digutenak. Ipuinetako asko bi pertsonaia batzuetan antagoniko, besteetan urrunekoren arteko enkontrutik sortzen dira: polizia-komisarioa eta sorgin-igarlea, mutikoa eta agurea, Heidegger eta bere bizilaguna‌ Pertsonaiak sarritan beren bizilekutik, habitat ohikotik kanpo daude, gainera, eta leku arrotzean suertatutako enkontruak zabaltzen dio bidea ipuinari, ezohiko gertakizunari. Pertsonaiak aurrez aurre jartzearekin, bi mundu ere jartzen dira parez pare andoaindarraren testuetan (tradizioa eta gaurkotasuna, arrazoia eta sineskeria, ametsa eta zientzia); eta irudi luke horretan zerikusirik baduela egilearen formazio filosofikoak, ematen baitu solasaldi filosofikoaren planteamendu dialogikoa narrazioaren formatura ekartzen dela hainbat ipuinetan. Horrek aukera ematen dio, gainera, hainbat ideiaren inguruko ikuspegi antagonikoak ipuinetara biltzeko. Bestetik, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugekin jolas egiten du Zubiaurrek ipuin gehienetan. Bestela esanda, planteamendu errealista dute ipuin gehienek, baina kontakizunaren amaiera aldera errealitatea difuminatzen hasten da, lanbrotzen, desegiten, eta ezaguna uste zuen mundua arrotz bihurtzen zaio irakurleari, eta ezinbestean hasi behar du bere buruari galdezka, zer non hasi eta amaitzen den, sarritan amaierak ipuina goitik behera astintzen baitu‌ Deia, 2016-10-01

1

Kritikak osorik: http://zubitegia.armiarma.eus/?i=944 Sarbidea [2017-12-07]


Inguruaren indarra Javier Rojo (‌) Ez da idazle hasi berria, lehiaketetan-eta parte hartu baitu arrakastaz, baina liburu formatuan eskaintzen duen lehenengo lana da bilduma hau. Ezaugarri batzuk berehala nabarmentzen dira liburu honetan. Lehenengo eta behin, irakurlea ohartuko da errealismo magikoaren aztarnak aurki daitezkeela, itxuraz guztiz errealista den testuinguru batean errealitatea bera hausten duen elementu misteriotsuren bat topatzen baita noizean behin. Elementu honen presentziak errealitatearen tinkotasuna kolokan jartzen du, noski, eta irakurleari ezinegon berezi bat uzten dio, guztiz sendoa zela pentsatzen zuen errealitate horrek zirrikituak aurkezten baititu. Edonola ere, esan behar da errealismo magikoaren presentzia nahiko sotila dela, eta horrek bere indarra areagotzen baitu, edozein osagai (haur bat panpina batzuekin jolastea, adibidez) siniestrotasun ukitu batez markatuta gera baitaiteke. Aipagarria den bigarren osagaia paisaiaren, inguruaren presentzia da, liburuaren izenburuak iradokitzen duen bezala. Hainbat tokitan, askotan eskualde exotikoak diren lurraldeetan, kokatutako istorioak ditugu hauek, non paisaiak pertsonaien izaera zedarritzen duen. Pertsonaiak espazio bati dagozkio, bertakoak dira eta lekuak dira pertsonaien jabeak. Hortaz, beren espazio naturaletik kanpo gertatzen badira, tentsio berezia sortzen da pertsonaiaren eta bere inguruaren artean. Bestaldetik, horrek beste ezaugarri bat gaineratzen die ipuinei: naturak bere legea inposatzen duelarik, mundu basa nagusitzen da. Naturaleza eta kultura, ondorioz, kontrajarrita agertzen dira batzuetan, eta gizakia bi esparru horien artean kokatzen da, batetik bestera mugitzen. Hirugarren ezaugarria idazkerari dagokio. Begi-bistakoa da, idazleak estiloasmoarekin idatzitako testuak direla ipuin hauek, eta estilo-asmo honetan ahalegin berezia egin du idazkera gaiari egokitzen. El Diario Vasco, 2016-09-03


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.