Gerra txikia. Lander Garro

Page 1

Gerra txikia Lander Garro

Solasaldiak Solasaldiak--Tertulias Tertulias

Begien bistan zeuden gauzez ez ezik, mundua begien bistatik haragoko gauzez osatuta zegoela ikasi zuten azkar, eta bistan ez zeudenak garrantzitsuagoak izan zitezkeela bistan zeudenak baino (94.orr.)

Hernani, Udal Liburutegia 2015 azaroa


Lander Garro1 (Orereta, 1975)

Argazkigintza ikasketak egin zituen Donostian eta Bartzelonan, baina betitik izan du gustuko irakurtzea eta idaztea, eta bi jardunak, idaztea eta argazkiak egitea elkartu zituen Oarsoaldeko Hitza egunkarian (2003-2006). Han jardun zuen hiru urtez, eta, geroago, urtebete egin zuen On aldizkaria koordinatzen. 2007 urtean Horrelakoa da bizitza saioan gidoilari aritzeko deitu zioten, eta orduztik telebistarako jardun izan du, gidoilari eta zuzendari lanetan: Sautrela-n, Tumatxak-en eta Soinu ehiztaria-n, besteak beste. Idazle gisa 2004ean argitaratu zuen lehen liburua, narrazio laburren liburua izan zena eta Jaka beketako bati esker idatzi zuena: Orain galdera berriak ditut. Geroago hainbat liburu kolektibotan parte hartu zuen, hala nola, Lehen aldia, Adiskide maitea, Uda edota Haginetako mina. 2011ean argitaratu zuen bere bigarren liburua, lehen nobela izango zena, Kontrarioa, eta handik hiru urtera argitaratu zuen hirugarrena, Gerra txikia. Bitartean, Ez merkeenak bai onenak euskarazko publizitate iragarkien bilduma osatu zuen, eta Albert Sanchez Pi単olen La pell freda liburua itzuli (Larrua hotz, Txalaparta, 2009). Argazkigintzan lan ugari egin du, bai erreportari eta bai sortzaile gisa. Diskoetako eta liburuetako azal ugari egin ditu. Bideo-sortzaile gisa film-laburrak, espotak edota bideoklipak egin ditu azken urteotan.

1

Hemendik hartuta [2015-10-12]: http://landergarro.net/bio/


Liburuak Narrazioa    

Orain galdera berriak ditut. 2004, Txalaparta Lehenengo aldia (egile asko) 2004, Txalaparta Adiskide maitea (egile asko) 2005, Txalaparta Haginetako mina (egile asko) 2008, Txalaparta

Saiakera 

Ez merkeenak! Bai onenak! 2006, Alberdania

Nobela  

Kontrarioa 2010, Susa Gerra txikia 2014, Susa

Argazkilaria Idazle izateaz gain argazkilaria ere bada, eta besteak beste, hainbat idazle, musikari eta aktoreen argazkiak egin ditu2. Baita honako irudi honetan agertzen diren liburuen azalak ere, tartean berak idatzitako Gerra txikia-rena:

2

Lehen aipatutako Lander Garroren web orrian ikus daitezke bere lanak. Eta irudi hau ere bertatik hartua da.


[Lander Garrori Elkarrizketa Argia astekarian]3

Idazteak badauka zerikusia norberak daraman zauriarekin Mikel Asurmendi Argia 2423.zkia

Lander Garroren soslaiaren hainbat ertz: Sare sozialen erabiltzailea. Polemika eta kritiko zalea. Telebistako eta dokumentalen egilea. Euskal gatazkaren zirimolan hazitako ezker abertzalekoa. Gatazka honen traumaren pairatzailea. Argazkilaria, kazetaria, idazlea… Nor da Lander Garro? Nire bizitzaren hondarretara iritsi beharko dut galdera horri erantzuteko. Taxuzko zerbait esateko, alegia. Polemiko izatearen ospe duzu, kritikoa. Beti kostatu zait pentsatzen dudana ez esatea, baina azken urteetan dezente isiltzen naiz. Sinetsita nago askotan esaten duzun horrek ez duela onik ekartzen. Orain, norbait mindu badezaket, badaezpada ez dut ezer esaten. Egia da, beti izan naiz nork bere pentsamendua adieraztearen aldekoa, zorrotza izan naiz, baina ez polemika zale. Kazetaria… Hamasei urterekin hasi nintzen argazkilari lanetan [Bartzelonan ikasi zuen], horretan ari nintzela hasi nintzen idazten. Zuk diozun kritiko izate horri zor diot kazetari izatea. Pasaian bazegoen Brankan izeneko aldizkaria. Egileek nik lan egiten nuen tabernan utzi ohi zuten. Egun batean ekartzen zuenari esan nion: “Zergatik egiten dituzue horren azal kaxkarrak? Zergatik ez dituzue baliatzen egungo teknikak zerbait txukun egiteko?”. Harrituta begiratu zidan. Bi aukera zeuzkan, ofenditu edo egin zuena egin: “Aizu, ba, egin ezazu zuk azala!”. Azala egiten hasi nintzen eta elkarrizketak ere. Lehen elkarrizketa Zinemaldiko Mikel Olaziregi zuzendariari egin nion. Idazle izaeraz zer diozu? Eta idazleez oro har? Idazleak irakurle onak gara hasieran, edo irakurle pasiodunak behintzat. Halako batean zirrikitu bat aurkitzen duzu eta: “Honetaz norbaitek idatzi beharko luke” pentsatzen duzu. Idazle denak hasten dira oraindik ikusi ez dutena idatzi nahian. Beno, ni horrela hasi nintzen behintzat. Ni Koldo Izagirre eta Eider Rodriguezen eskutik sartu nintzen literatura munduan. Gehien miresten nuen giza klasea idazlea zen. Euskal Herriko idazleen aurrean belaunikatzen nintzen, nolabait. Gero munduan sartu ahala dezepzio ikaragarria hartzen duzu, deskubritzen duzu idazleak zu bezalako pertsonak direla, zuk dituzun gabeziak, herrenak, ahuldadeak dituztela. Desamodio fase batera pasatzen zara. Literatura beste jarrera batekin ikusten duzu, ironia gehiagoz. Literaturaren mundua kanpotik begiratzen dut orain. Haurrekin bizikletaz dabilen aita naiz. Literatura… bost axola, nolabait (…) Gerra Txikia nobela idatzi duzu orain. Nobelan kontatu nahi zenuena idatzi al duzu? Ez guztiz. Liburu bat bukatzen dudanean, bi sentimendu ditut: lehena, sorpresarena. Idazten hastean amaiera inoiz ez dela iritsiko egoera bizi dut, luzea eta korapilatsua egiten zait. Beraz, sorpresa hartzen dut bukatu dudalako. Bigarrena, eta batez ere, idatzi dudanak eta idatzi nahi nuenak ia zerikusirik ez duten sentipena izaten dut. Liburuak badauzka bere apetak, buruan 3

Elkarrizketa osoa: [2015-10-12] http://www.argia.eus/argia-astekaria/2423/lander-garro


zerbait zenuen eta erabat diferente idatzi duzu. Gauza ilunak, gogorrak eta deprimenteak idazten saiatu ohi naiz, baina gero, alde komikoa ateratzen zait. “Zure liburuarekin barre egin dut” esaten didate. “Bada, ez zen nire asmoa”, esaten diet. Nik badut umore puntu bat, txispa edo bromarako joera hori. Pertsonon tristezia txistearen bidez ezkutatzen duena. Bizitzaren iluna txistearen bidez babestu nahi hori. Groucho Marxen sindromea, nolabait esanda. Haurtzaroa da Gerra Txikiaren leitmotiva. Haurtzaroa oso interesgarria egiten zait idazteko orduan. Paradoxikoki, haurtzaroak ez du bakarrik gure jatorria esplikatzen, gu garen alegoria ere esplikatzen du. Zer gara ere helduak garenean? Denbora deitzen dugun errukirik gabeko makina horren txotxongiloak gara. Denborak aurrera garamatza, etengabe ari gara gure galbidea deskubritzen, eta horren aurrean, ez daukagu baliabide handirik. Haurrek baliabide horiek bilatzen dituzte. Horregatik interesatzen zait haurtzaroa, nerabezaroa edo gaztaroaren kontakizuna. Xabi da protagonista. Zer du Xabik Landerrengandik. Xabi nire alter ego-a da, baina ez da beti ni, noski. Nik oposizio bidez ondo funtzionatzen dut idaztean; Txirri eta Mirri pailazoren oposizioan, adibidez. Baina ni ez naiz Xabi lotsatia, bizitzan ez naiz horrelakoa. Noski, badut alde lotsati hori, baina txikitatik ikasi nuen harroago agertu behar nuela, bestela neronek jasotzen nituen belarrondoko guztiak, hasteko txikia naizelako. (…) Xabi Ugarte da. Nor dira ugartetarrak? Ugartetarrak familia singularra da, eta era berean normala: guraso langileak, familia ugaria, gabezia ekonomiko handi samarrak dituena, eta engaiamendu politikoa hartzen duena. Gaur egungo mundutik begiratuta, orduko hainbat familiak hartzen zituzten erabakiak mundutik at zeudela ematen du, baina, ETA fenomeno sozial izugarria izan zen, jende asko “harrapatu” zuen. Erabakiak gutxi zeukan intimotik, erabaki kolektiboa zen, oso gauza normala. Xabi Hendaiara etorri eta lasaitasun tristea ezagutu zuen. Hegoaldean jende guztia zegoen nola edo hala mundu politikoan inplikatua. Iparraldera iristean ez genuen hori ikusi. Iheslari kolektibo handia eta anitza zegoen, non bazeuden obreroak, burgesak, baserrikoak, portualdekoak, jatorrak, eskuzabalak, mizkinak, denetik. Liburuak aniztasun hori jaso du (…) “Bere deabruek menperatutako izakia da artista” dio William Faulknerrek. Lander Garrok deabruak menperatu al ditu? Sorkuntzan hala ere, ez dut mamurik ikusten. Sorkuntzak baditu alde artistikoa eta terapeutikoa. Artistak modu kreatiboz sendatzen du bere burua. Bere ariman tirita bat jartzen du nolabait, baina ez da konformatzen edozein tiritarekin. Idazteak badauka zerikusia zauriarekin, zauritik datorren ego-arekin. Gizakiok besteen aurrean garena baino ederragoak agertzeko joera itsusi samar horrekin. Baina, zauria eta sorkuntza ezin dira bereizi. “Tristea dun gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik” dio Eider Rodriguezek. Bixente Perurena zenaren Blanki emaztea heldu zait gogora. Liburu honen ardatza hori da. Gerrako edo gatazka kontuak kontatzean, kontu estatistikoetan sartzen gara: hemen hainbat hildako, hor beste hainbat. Niri geratzen zaidana hauxe da: zer gertatu da bizirik iraun genuenekin? Blankirekin, nire amarekin, nire arreba eta anaiarekin? Hain gertutik gatazka ezagutu genuenok, ezin dugu hura ahaztu. Eta historialariek ezin dute hori egoki egin, bizirik geratu ginenok hitz egin behar dugu eta nobelagileek idatzi.


Gerra txikia Errefuxiatua da Xabi Ugarteren aita. Hiru seme-alabak trenean sartu ditu amak 1983ko urriko goiz batean, eta muga igaroz, aitarengana joan dira Hendaiara, zalantzez beteta, ohiz besteko lekuan bizi beharko dutelako aurrerantzean, baina oraindik ohartu gabe gerra giroa datorrela etxeraino. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak‌ Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua. Abenturak eta garai krudelen oroitzapenak, biek bat egiten dute Lander Garroren bigarren nobela honetan. Haurtzaroak paradisu galduaren arrastoak gordetzen ditu, itzal gaiztoz eta amets gozoz gogoraturik.

Kritikak4 Gerra txikia Alaitz Andreu Gerra txikia du izenburu Lander Garroren azken eleberriak, baina Hirurogeita bat gerra txiki ere izan zitekeen; izan ere, 61 ataletan dago banatuta bederatzi urteko Xabi protagonistaren nerabezaro aurreko bizitza. 1983ko Oreretatik Hendaiara joan da bizitzera Xabi, amarekin eta anai-arreba zaharragoekin batera, bertan baitago aita errefuxiatuta. GALen garaia da, eta laster etorriko dira hilketak, atxiloketak, deportazioak eta ikurrinak. Horiekin batera, ordea, edo, are, horien gainetik, Xabiren barne mundua azaleratuko da. Besteekiko harremanek sorrarazten dizkioten beldurrak, jakin-minak, ilusioak eta etsipenak ezagutuko ditu irakurleak, atalez ataleko ikaspen eta hausnar txiki edo, zergatik ez, sakonen bitartez. Horregatik, hari narratibo bera jarraitzen duten kate-begi horietan aurkituko ditugu Xabiren lagun berriak, lehen musuak, lehen zigarretak, lehen manifestazioak, lehen kontu asko. Ohea bustitzen duen mutikoaren barne prozesu batzuetan garratz, besteetan gozo. Hortaz, esan genezake bi plano daudela: Euskal Herriko historiaren pasarte gazi-gozoak, batetik; Xabiren bidaia intimoa, bestetik. Halere, bi plano horiek ezin hobeto uztartzea lortu du Lander Garrok, eta istorio hunkigarri bezain mikatza eskaini digu. Hirurogeita bat gerra txiki, beraz. Edo handi. Izan ere, ba al da gerra txikirik?

4

Kritika hauek osorik eta gehiago: http://zubitegia.armiarma.eus/?i=670

Aizu!, 2014-11


Ba ote da gerra txikirik? Iraitz Urkulo Xabi izeneko umea da eleberriko protagonista, ama eta bi anai-arrebekin batera, Orereta utzita Hendaiara bizitzera doana. Han aita du zain, eta haren eskutik euskal errefuxiatuen giroan murgilduko da. Istorioa 80ko hamarkadan kokatuta dago, gerra zikin betean, hortaz. Kontaketan zehar, umearen bilakaera pertsonala eta kutsu politikoko gertaerak txandakatzen dira. Maiz uztartuta ematen zaizkigun arren, bi gaien artean desoreka nabarmena antzematen da oro har; lehenak tarte zabalagoa betetzen duen bitartean, bigarrenak interesgarriagoak iruditu zaizkit. Tramak badu mamia: mugaren bestaldean bizitza berri bat hasteko zailtasunak, beste errefuxiatu batzuen etxeetan hala-moduzko baldintzetan babes hartu beharra, Hendaiako auzo eta giro ezberdinetara moldatzea‌ Narratzailearen baliabide nagusia diren deskribapen xehe eta adierazgarrien bidez, pertsonaien egunerokoa aurkezten zaigu. Fikzio-mailan bereziki emankorra suertatzen da gure historia hurbileko gertakari baten ikuspegi intimoago bat eskaintzea. (‌) Argumentua alde batera, narrazioa bera da batez ere liburu honetan nire arreta bereganatu duena. Hasieran Xabiren ikuspegi xaloa nagusitzen bada ere, berehala, oso modu sotilean, oharkabean kasik, umea fokua izatera igaroko da, narratzaileak errealitate gordinari estu lotutako informazio eta hausnarketa zehatzak eskain ditzan bidea emanez. Era honetan, Xabiren begirada garbi eta ezjakinari pasarte orojakileak batuko zaizkio, bi moldeek narratzailearen ahotsean bat egingo dutela, horri esker gertaeren kontaketa osoa bideratuz. Narrazio-mailan nabarmentzea merezi duen beste alderdi bat erritmoa eta tentsioaren kudeaketa da. Gerra zikinaren mehatxua, helduen pentsamendu eta kezkak bezala, umearen belarrietara zeharka baino iristen ez den zurrumurru moduko bat izango da; entzun baino, une jakin batzuetan antzeman dezakeena, nahiz eta egoeraren larritasunaz guztiz jabetzeko gai ez izan. Neurri batean, Xabiren xalotasunak irakurleok ere erasotik eta honi lotutako sufrimendutik babesten gaitu. Haur-jolasak, uda garaiko abenturak, hizkuntza arrotza, lagun berriak, ikastolan lekua aurkitzea, lehen musua‌ horien guztien deskribapenak, bere identitatearen bilaketak azken finean, egunerokoaren kolpe latzak arintzen dizkigu. Kontaketak aurrera egin ahala, aldiz, zalantzan nago Xabiren begietatik iragazitako diskurtsoak ez ote duen, egiatan, izugarrikeria sentsazioa areagotzen. Lehenago ala beranduago, errealitatea gailentzen baita beti, eta Xabirentzat ere haren kontzientzia esnatzen deneko unea iristen da, bizitzea tokatu zaion testuinguruari aurre egitekoa, hain zuzen. Orduan hasten dira heriotza, izua, erbestea edo aberria bezalako kontzeptuak haren baitan forma hartzen. Edozein modutan, narratzaile orojakileak fokua umearengan pausatzeak ikuspuntu originala, intentsitate berezikoa, gehitzen dio istorioari. Halere, eleberriak jasotzen dituen gertaera gordinak direla eta, ez litzateke zuzena izango lan samurra dela esatea; hobe da, beraz, Gerra txikia obra hunkigarri gisa definitzea.

Berton, 2014-08


Amets galduen zirimolan Mikel Asurmendi Oreretako Pontika auzoan girotu zuen Lander Garrok Kontrarioa nobela, Raul Oliveira protagonista alter ego-a zuela. Bere nerabe-gaztaroa narratu zuen hartan, garaiko eskola porrota izan zuen leitmotiva. Denboran atzera egin du idazleak. Oreretako errenteriarrak bere haur-nerabezaroa birsortu du, eta Orereta eta Hendaia artean gauzatu bigarren nobela. (…) Ugartetarrak herrian nagusi izateko borrokan ari dira, alabaina, halabeharrak maizter errariak bihurrarazi ditu gauetik biharamunera. Estatu bateko errentariak zirenak beste estatu bateko alogerekoak bilakatu dira. Ugartetarrak uharteak bihurtu dira Bidasoaz bestaldeko itsas zirimolan. Oreretako zurrunbilo borrokatsu eta alaitsutik Hendaiako “lasaitasun tristean” bizitzera iragan dira, Pontikatik Orio auzora. Haurrek Bestaldera joanik, étranger eta extraño hitzak kidekoak direla ikasi beharko dute. Arraroa, arrotzak eta erbesteratuak dira euren —haurren— aberrian. Klandestinoa sasitarra dela jakiteko solitudea ezagutu beharko dute. Andoni anaia miresten du Xabik, eta horren “frantsesek maitasun kontuetan asko dakite, baina gerra kontuetan batere ez” izan du estreinako ikaspena. Ikasle eskasa da Xabi. Amarengan bilatzen du eskas ere duen maitasuna (…) Gerra txikia Xabiren haurtasun galdutik kontatua dago. Lengoaiari dagokionez, nerabe batek uler dezakeen heinean gauzatua. Horren ostean, Kontrarioa nobelaren ildoan, biziro desio dut nobelagileak Landerren helduaroaren Helduen gerra narratzea etorkizunean. Fikziozko trilogia ederra litzateke herri honetako memoria zertzen laguntzeko (…) Berria, 2014-06-22


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.