Ortzadar101112

Page 8

08 // Ortzadar

Larunbata, 2012ko azaroaren 10a

azkena

Masaiek beldurrik ez Herrixkaren erdian zelaigune zabal bat dago. “Hemen biltzen ditugu behiak. Hemen ospatzen ditugu ezkontzak. Hemen egiten diegu zirkunzisioa gazteei”, azaldu du David artzain masaiak

LL

EHOIAK ikusi ditut Kenyan, eta malaria kutsatzen duten eltxoak, baina benetako ikara eragin didana bitrina batean gordeta aurkitu dut, Nairobiko Museo Nazionalean: zirkunzisioa egiteko, pokot eta akamba herrikoek erabiltzen zituzten bi laban kamuts herdoildu. Mutil gajoari janzten zioten maskara bat ere han zegoen, ahoa keinu dramatiko batean zabalik eta begiak –bi bola zuri– orbitatik irtetear zeudela. Iraganean idatzi ditut azken esaldi horiek, baina David masaiak orainaldian ematen ditu azalpenak. “Mutil batek 15 urte betetzen dituenean, zabalgune honetara ekarri eta bertan etzaten dugu zirkunzisioa egiteko. Herriko jende guztia inguruan biltzen da eta mutilak geldi-geldi eta isilik egon behar du. Kexatzen bada edo zirujauari kontra egiten badio, herritar guztiak plazatik joaten dira, lotsatuta, eta mutila arbuiatu egiten dute”. “Eta zu, David, kexatu al zinen?”. “Ez, noski!”. Zirkunzisioaren ondoren, David sabanara joan zen bizitzera, 16 eta 18 urte bitartean, bere adinekoen talde batekin. Gazteen iniziazio sasoi luze horretan, lehoi bat hil omen zuen. “Kaskabiloak jarri genituen orkatiletan. Hots hori entzunda, lehoia gugana etorri zen, behi bat topatuko zuela pentsatuz. Lantzaz hil nuen, ez dugulako erriflerik erabiltzen. Ordutik gerlaria naiz”. “Ez zenuen ikararik sentitu lehoiaren aurrean, David?”. “Ez, noski!”. Daviden herrixkan hogei familia bizi dira, berrehun pertsona inguru. Eraikitzen dituzten buztinezko etxolak maiz berritu beharrekoak dira, baina horrek ez du garrantzia handirik, nomadak baitira. Herrixkaren inguruan hesi bat altxatzen dute, lehoiak behiak eta ardiak harrapatzera sar ez daitezen, eta gauero zenbait gerlari eta zakur zaindari zelatan gelditzen dira. Belaze berrien bila abiatu behar dutenean, behi taldeak Masai Mara parkean zehar eramaten dituzte, Tanzaniarantz. Munduko fauna erreserba handi eta baliotsuenetako bat da Masai Mara, lehoiak, gepardoak, elefanteak, errinozeroak, hipopotamoak, jirafak eta milioika ñu eta zebren bizilekua. Baina lehoien kopurua oso modu larrian jaitsi da azken hamarkadatan, gizakiaren presioarengatik batez ere: nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketa handiak, gehiegizko turismoa, artzainek nahita eragindako suteak… Masaien kontra ere badago salaketarik: behiak parkera sartzen dituzte, bazka-

tzera, eta karbofurano pestizidarekin pozoitutako haragi puska handiak uzten dizkiete lehoiei. “Egia da halakoak egiten zirela”, erantzuten du Davidek, “baina egun argi dugu animalia basatiak garrantzitsuak direla eta turismoa erakartzen dutela”. Estatuaren erreserba naturalez gain, Masai Mararen inguruan hainbat komunitate masaik eremuak gorde dituzte animalia basatientzat soilik. 85.000 hektarea horietan, artzaintza eta nekazaritzaren ordez, safarien turismo jasangarria bultzatzen dute, herrikoentzat lanpostuak sortu eta hiru mila familiarentzat diru-sarrerak lortuz.

BIDAIA KOADERNOA ANDER IZAGIRRE

“Lehoia gugana etorri zen, behi bat topatuko zuela pentsatuz. Lantzaz hil nuen. Ordutik gerlaria naiz”

anderiza.com

Davidek 22 urte ditu eta bere burua artzain nomada eta gerlari gisa aurkezten die bisitariei. Baina ez dut ulertzen, esan diot: ingelesa ikastera hirira joan zinen, turismo komunitarioa kudeatzeko ikastaroak ere burutu zenituen eta gida bezala egiten duzu lan; eta aldi berean Tanzaniaraino behi taldeak gidatzen ibiltzen zara, aurretik hiru urtez sabanan bizitu zinen eta lehoi bat lantzaz hil zenuen? Hasieran irribarre lotsatia egin du eta gero, eutsi ezinik, barrez lehertu da.

itzulpenak - hizkuntza aholkularitza - papergintza 944 480 000

posta@artez.net

www.artez.net


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.